Euskararen Ordenantza

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIKO EUSKARAREN ORDENANTZA

Euskara Aezkoako hizkuntza da, eta historikoki Aezkoako biztanleen artean normalean erabilitakoa. Duela zenbait hamarkada erabilera behera joan zen; hala ere, haren aldeko gizartearen borondateak eta eskuratutako status berriak posiblea egin dute belaunaldi berriak berriz ere euskaldunak izatea. Legeak herritarrei aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak erabiliz, Aezkoako euskaldunek azken garai hauetan eskatu diote Aezkoako Batzarre Nagusiari, eta, etorkizunean ziurrenik gehiago eskatuko diote Batzarreak ematen dituen zerbitzuak euskaraz ere ematea. Batzarre Nagusiak, zerbitzu publikoa den aldetik, eskakizun horri ezinbestean erantzun beharko dio.

Hortaz, Aezkoako Batzarre Nagusiak uste du euskarak arreta berezia behar duela haren normalizazioa lortzeko. Horrenbestez, ordenantza honen helburu generikoa da Batzarre Nagusiak zerbitzua ematen dienei arreta eta zerbitzua euskaraz emanen zaiela bermatzea, hala nola euskara bultzatu eta normalizatzea alor guztietan.

I. KAPITULUA – ORDENANTZAREN XEDEA ETA APLIKAZIO ESPARRUA

1. Artikulua.- Ordenantza honen xedea da euskara zerbitzu hizkuntza izatea herritarrentzat, hala nola normalizatzea eta erabilera bultzatzea.

2. Artikulua.- Ordenantza hau Aezkoako Batzarre Nagusiko zerbitzuetan aplikatuko da.

3. Artikulua.- Aipatutako helburua erdiesteko, ordenantza honen helburu zehatzak honako hauek dira:

  • a)herritarrek nahi duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatzea.
  • b)entitatearen kanpo irudian euskaren erabilera zehaztea.
  • c) zehaztea zein lanpostuetarako ezinbestekoa izanen den euskaraz jakitea.
  • d) ordenantza honen xedearekin lotutako euskara sustatzeko beste aktibitateak suspertzea.

4. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiaren eskumena diren zerbitzuetan, hirugarrenek emandakoak direnak eta edozein dela kudeatzeko era, Ordenantza honen II., III., IV. eta V. Kapituluetan xedatutakoa aplikatuko da.

II. KAPITULUA – ADMINISTRAZIOEN ARTEKO HARREMANAK

5. Artikulua.- Administrazio publiko nahiz erakunde ofizial guztietara Aezkoako Batzarre Nagusiak igortzen duen dokumentu, jakinarazpen nahiz komunikazio guztiak euskaraz eta gazteleraz egingo dira, eta bakarrik euskaraz instituzioak edo entitateak hala eskatzen badu.

6. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiak eremu euskaldun eta mistoko administrazio nahiz instituzio publikoei eskatuko die dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz igortzea.

III. KAPITULUA- ADMINISTRATUEKIKO HARREMANAK

7. Artikulua.- Edozein lekutan bizi diren pertsona fisiko nahiz juridiko guztiei zuzendutako komunikazio eta jakinarazpenak elebitan egingo dira. Interesatuak bakarrik euskaraz eskatzen badu, hala emango zaio.

8. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiak, euskaraz nahiz gaztelaniaz, bidaltzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak onartuko ditu.

9. Artikulua.- Administratuen eskura jartzen diren inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko zaizkie, eta bakarrik euskaraz horietako batek hala eskatzen badu.

10. Artikulua.- Administratuak euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzen ahal dira Aezkoako Batzarre Nagusiari. Ahozko harremana euskaraz hasten direnekin hizkuntza horretan jarraituko da.

11. Artikulua.- Euskararen erabilera publikoa sustatzeko asmoarekin, langileak euskaraz zuzenduko dira erabiltzaileengana. Elkarrizketak jarraituko du herritarrak aukeratutako hizkuntzan.

12. Artikulua.- 8., 9., 10. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, Aezkoako Batzarre Nagusiak langile euskaldunen presentzia bermatzeko jarduera plan bat diseinatu eta aurrera eramango du, ordenantza honen V kapituluan agertzen den moduan.

IV. KAPITULUA – KANPO IRUDIA

13. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiak euskara eta gaztelania erabiliko du hiritarrei, orokorki hartuta, zuzentzeko:

Horregatik, ondokoak elebidun agertuko dira:

  • a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta plaka informatiboak.
  • b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzekoak.
  • c) Batzarre Nagusiarenak diren eraikin eta gune publikoen errotulazioa.
  • d) Bulegoak eta dependentzien errotulazioa.
  • e) Turisten intereserako tokien, trafiko seinaleen eta zerbitzu-kontrolen seinaleztapen horizontal zein bertikala.
  • f) Herritarren eskura jartzen dituen dokumentu eta ereduak, administrazio prozeduren berri ematea helburu dutenak.
  • g) Batzarre Nagusiaren irudi instituzionala edo kanporakoa emateko erabiltzen den gainontzeko komunikabide edo formatuak.
  • h) Barne inprimakiak
  • i) Batzarre Nagusiak argitaratutako publizitate eta dibulgazio elementuak.

14. Artikulua.- Prentsan jarritako udalaren iragarkiak elebidun agertuko dira, eta, modu berean ere, ikus-entzunezkoetan (irrati zein telebistan) egindako publizitatea.

15. Artikulua.- Argitalpenak.

Aezkoako Batzarre Nagusiak eta haren zerbitzuek prestaturiko argitalpenak elebitan egingo dira.

16. Artikulua.- Batzarre nagusiarenak diren hedabideak.

Batzarre Nagusiarenak diren hedabideetan euskara eta gaztelania erabiliko dira. Hala ere, euskara sustatzeari begira eta hedabidearen arabera, euskarak presentzia handiagoa izanen du.

17. Artikulua.- Batzarre Nagusiko ordezkariek, beren jarduera publikoan, euskaraz zein gaztelaniaz arituko dira.

V. KAPITULUA – LANGILEAK

18. Artikulua.- Batzarre Nagusiak euskaraz jakitea eskatuko duten lanpostuak zehaztuko ditu urteko plantila organikoaren barruan. Lanpostuak zehaztu eta horien zerrenda erantsiko zaio ordenantza honi. Modu berean, Batzarre Nagusiak zehaztuko ditu plantila organikoan ez dauden lanpostuen artean zeinetarako izanen den derrigorrez euskaraz jakitea.

19. Artikulua.- Aurreko artikuluan aurrikusitako ondorioetarako batzorde bat osatuko da, eta hark aztertuko ditu zein arloetan dagoen herritarrekiko harreman handiago, zeintzuk diren prozedura administratibo arruntenak, herritarrei arreta euskaraz bermatzeko zein lanpostutan eskatu behar den euskaraz jakitea; aipatu arloetan edo prozedura administratiboetako lanpostuen profil linguistikoak zehaztuko ditu; jarduera plana diseinatuko du, eta hartan ezarritako helburuak betetzeko baliabideak zehaztuko dira.

20. Artikulua.- Lanpostuak betetzeko dialdiren batean, euskaraz jakitea derrigorrez eskatzen bada, izangaiek eskatutako profila egiaztatzen ez badute, lanpostua hutsik gelditu da eta deialdi berria egin beharko da.

21. Artikulua.- Batzarre Nagusiak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan guztietan, euskaraz jakitea derrigorrez eskatzen ez bada, euskararen ezagutza merezimendutzat baloratu da Euskararen foru Legeak xedatzen duen moduan.

22. Artikulua.- Euskaraz derrigorrez jakitea zein meritutzat hartzen den edozein mailatako lanpostuetan, euskararen ezaguera-maila hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako agiriaren bidez edo ofizialki baliokidetzat hartutako bestelako titulazioaren bidez kreditatuko da. Bestela ere, izangaiak plantila organikoan edo deialdian eskatzen den hizkuntza maila duen jakiteko proba bat gaindituz.

23. Artikulua.- Batzarre Nagusiak euskaraz ikasteko aukera eskainiko die plantila organikoko langileei.

VI. KAPITULUA – EUSKARAREN SUSTAPENA

24. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiak euskararen gaineko gaiei eta egoera soziolinguistikoari buruzko informazio-maila igotzea eta euskararen erabilera eta ezaguera gizarte-arlo guztietan suspertzea helburu izango dituzten urteko programak proposatu eta onetsiko ditu.

25. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusia koordinazioan arituko da Nafarroako Gobernua nahiz beste toki entitaterekin, era koordinatu edo indibidualean, euskararen alde antolatutako ekimen eta kanpainetan parte hartu ahal izateko.

26. Artikulua.- Modu berean, Aezkoako Batzarre Nagusia haurren eskolatze eta helduen euskalduntze kanpainetan parte hartuko du, hala nola euskararen aldeko sentsibilizazioa igotzeko eta ezagutza eta erabilera sustatzeko.

27. Artikulua.- Kultura eta euskara sustatzeko aktibitateak sustatuko dira. Modu berean, diruz lagunduko dira euskara sustatzeko edo ikasteko aktibitateak.

28. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiaren diru-laguntza jasotzen duten taldeei diru-laguntzaren xede diren aktibitateetan eta horiek iragartzeko publizitatean euskara erabiltzeko gonbitea eginen zaie.

29. Artikulua.- Aezkoako Batzarre Nagusiak bere eremuko toponimoak zehaztuko ditu Euskaltzaindiak ezarritako irizpideen arabera, eta euskarazko bertsioa izanen da ofíziala.
Adostasunik ez badago, Batzarre Nagusiak erabakia hartuko du Euskaltzaindiaren adostasunarekin.

VII. KAPITULUA – ORDENANTZAREN JARRAIPENA

30. Artikulua.- Batzorde bat osatuko da ordenantza hau garatzeko eta aplikatzeko hartuko diren neurri teknikoak zuzendu eta horien jarraipena egiteko.

31. Artikulua.- Batzarre Nagusiak elkarlanean arituko da hizkuntza politikaren alorrean eskumenak dituzten entitateekin, Ordenantza honen aplikatzeko, garatzeko eta, oro har, euskararen normalizaziorako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHENA.– Aezkoako Batzarre Nagusiak sortu edo bultzatzen dituen programa orotan hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegia kontuan hartu beharko da, eta Euskara Zerbitzua izanen da euskararen normalizazioa bermatzeko entitatearen zerbitzuak informatuko dituena.

BIGARRENA.- Gainerako ordenantzek ordenantza hau bere gain hartu beharko dute eta honek gainerakoak ere.